XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txikitxoak ziren jolasten besterik ez zekitenak.

Koloreak, jokoak eta barrea zekartzaten, ALAITASUNA zekarten lehenbizikoz baso triste batera.

LU-k alaitasuna hitzaren esanahia ezin zezakeen jakin, baina mementu hartatik, hosto bat bezain arin sentitzen hasia zuen bere burua.

Ez zen oraindik gertatzen zenaz ohartu; zaila da oso zoriona ezagutzen, eta LU, beste alimaleek bezala, ez zen inoiz lehenago zoriontsu sentitu.

Adarrez adar saltoka, haien atzetik zihoan.

Piskana hurbiltzen ari zitzaien; ia bere burua azaldu arte, beti izuti eta herabea izan zela oroitu gabe.

Makina bat Txikitxo zegoen.

Bere azpitik pasatzen ikustean jabetu zen.

Begiradaz irits zezakeen txoko bakoitzean, Txikitxo bat zegoen, airea, lurra eta hostaila alaitasunez gainezka zabalduz.

Hurbiltzeko hirrika ezin menderaturik, bertago jo zuela-eta, azkenean erreparatu egin zuten.

- Hara!-, oihu egin zuen Txikitxo batek.

- Hara!-, errepikatu zuen bertan zebilen eta handixeago ematen zuen beste batek.

- Hara! Hara!-, berresan zuten alai; eta LU inguratu zuten beste hainbestek.

- Katagorria da! Eta bai polita! Bai ilaje marroi ederra!.